| |
Ez dut Itziar NAZABAL gehiegi ezagutzen, baina argi geratu zait bere artearen bidez komunikatzen den emakumea, artista, pentsalaria eta sortzailea dela.
Gogoeta bat!, adierazpen bat! estetika bat! Haien arteko fusio perfektua da ARTEA, komunikazioaren unera iristeko artistak ibilitako bideetan barrena eramaten gaituena.
Edota irudipena, pentsamendua eta adierazpena euskarrira eramaten diren unera, itxura hartzen joan daitezen, batzuetan mingarriki, gozoki beste batzuetan, eztiki ere sarritan.
Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua den Itziar NAZABAL, teknika eta materialetan aditua, irakaskuntzan eta ikerkuntzan aritzeaz gain, gogoz aritzen da lanean erakusketak eta proiektuak prestatzen, arte ederren munduan egiten ari den ibilbide horretan aurrera eginez.
|